Ekintzaileen emozioen kudeaketa (webinarioaren laburpena)
Iragartzen joan garen bezala, Dialektika Coach eta Supera Coaching-eko gure bazkideekin lankidetzan, ziurgabetasunak bai maila pertsonalean bai profesionalean eragiten dizkigun emozioak kudeatzeko moduari buruzko webinarioa antolatu dugu Ekingunen.
Koronabirusaren krisialdiak ia guztion planak zapuztu ditu: bertan behera geratu dira bidaiak, ekitaldiak, ezkontzak, topaketak, bilerak, proiektuak… Ekintzaileek beti egiten diete aurre ziurgabetasun maila altuei negozioari ekiten diotenean, eta hainbat galdera etortzen zaizkie burura: “Lortuko al dut nire txokoa egiten merkatuan? Lehiakorra izango al naiz? Benetan behar den zerbitzua edo produktua eskaintzen al dut? Zein da merkatuko nire nitxoa? Egokiak al dira nire tarifak? Ongi definituta al daude nire markaren balioak? Modu efikazean garatu al dut nire nortasun korporatiboa? Nola adieraziko dut? Nola emango dut ezagutzera nire burua? Zein aurrekontu dut? Zein dira nire lehiakideak? Nola egingo dut kontabilitatearen kudeaketa efikaza? “ egunero bururatuko zaizkien beste hainbat eta hainbat galdera gehiagoren artean.
Ziurgabetasuneko eta segurtasun eza nagusi dituen testuinguru horri, egun, beste hainbat galdera gehitu behar dizkiogu, COVID-19aren pandemiaren ondorioz: “Elkartu ahal izango naiz nire bezeroekin? Nola erakutsi ahal izango ditut nire produktuak edo zerbitzuak modu presentzialean ez bada? Nola artatuko ditut pertsonak nire negozioak aurrez aurre egotea behar badu? Nola egingo dut nire produktuak jendeari helarazteko? Nola egin dezaket lan segurtasunez? Nola antolatu dezaket nire agenda zer gertatuko den ere ez badakit?” eta abar luze bat, aurretik genituen kezkez gain.
Hori guztia dela eta, Ekinguneri oso garrantzitsua iruditzen zitzaion “Ziurgabetasunaren kudeaketa emozionala” webinarioa eskaintzea, ekintzaileek harekin bizitzen eta hura gainditzen jakin behar baitugu (sarri gure kontrolpean ez dauden faktoreak izanik, ezabatzea ezinezkoa baita), edo gutxienez ahalik eta hobeen kudeatzeko. Ziurgabetasunari aurre egiteko hainbat teknika ikasteak eta baliabideak izateak gure ikuspegia areagotzen du, gure urduritasuna murrizten du, aukera berriak atzematen laguntzen digu, gure ikuspegia irekitzen du, gure burua orekatzea ahalbidetzen digu, etab.
Webinarioan ziurgabetasunak pertsonengan sarri eragiten dituen ondorio psikologikoak aztertu ziren: beldurra, urduritasuna, tristezia, gogorik eza, etab. Erreakzio horiek guztiz normalak direla jakinik, ezegonkortasun emozionaleko egoera hori gainditzeko teknikak baliatzeaz aritu ginen. Baliabideak anitzak dira eta denontzat ez dute balio. Hurrengoak izan ziren webinarioan landu ziren hainbat arlo: automatikoki genituen uste faltsuak, sarri mugatzen gaituztenak, gure pentsamenduak aztertzea, gure buruari erreparatzeko eta sarri gainditzen gaituzten eta urduritasuna eragiten diguten ideia negatiboen nahastea arintzeko mindfulness erabiltzea, gure pentsamoldea malgutzea, pentsamoldea, emozioak eta jarrera bereiztea, gure burua proiektatzen eta epe ertain-laburrean planifikatzen ikastea, besteak beste.
Atsegin handiz egin genuen online “Taldeko terapia” hau. Bakoitzari agertzen ari zaizkigun erronka desberdinei buruz hitz egiteko aukera izan genuen, eta bikaina da aurrerantzean halako laguntzak izatea, bizi dugun testuinguru berriari hobeto egokitzeko, bai pertsona bezala bai profesional bezala.