EmakumeEkin ekimenak Cristina Alonso eta Miryam Tejada elkartu ditu Ermuan, lidergoari, ekintzailetzari eta lankidetzari buruz hausnartzeko

EmakumeEkin ekimenak Cristina Alonso eta Miryam Tejada elkartu ditu Ermuan, lidergoari, ekintzailetzari eta lankidetzari buruz hausnartzeko

Ekingunek EmakumeEkin ekimenaren edizio berri bat ospatu du Ermuan. Topaketak emakume enpresariak, ekintzaileak eta profesionalak bildu ditu berriro ere, esperientziak partekatzeko, harreman berriak sortzeko eta ardura postuak hartu nahi dituzten emakumeentzako inspirazio gune izateko.

Jardunaldian Beatriz Gámiz Matak (Ermuko Alkatea) eta Jaione Leibarrek (Ekinguneko Lehendakaria) emakumeen talentua ikusarazteko eta ekintzailetza sustatzeko espazioak sortzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuten. Era berean, gogorarazi zuten emakumeek oraindik ere zailtasunak dituztela zuzendaritza postuetara iristeko, finantzaketa eskuratzeko edo beren enpresak hazteko. Horregatik, ezinbestekoa da erreferente berriak ikusarazten eta laguntza sareak indartzen jarraitzea.

Bederatzigarren edizio honetan, Cristina Alonso, Itte metalezko estanpazioetan espezializatutako enpresako Nazioarteko eta Merkataritza Zuzendaria, eta Miryam Tejada, Bidaia eta turismo arloko Miryam Tejada komunikazio agentziaren sortzaile eta CEOa, izan ziren protagonista nagusiak.

Mahai inguruan, biek beren ibilbide pertsonal eta profesionala partekatu zuten, eta sektore desberdinetan proiektuak gidatzeak ekarri dizkien erronkei buruz hitz egin zuten. Cristina Alonsok familia enpresa baten bilakaera, nazioartekotzea eta industria sektorean emakumeen presentzia normalizatzearen garrantzia nabarmendu zituen. Bestalde, Miryam Tejadak ekintzailetzara eramandako bidea azaldu zuen, eta jakin mina, egokitzeko gaitasuna eta komunikazioa bere ibilbidearen oinarri nagusitzat jo zituen.

Topaketan zehar, taldeak kudeatzeko modu ezberdinei, lankidetzan oinarritutako lan inguruneak eraikitzearen garrantziari eta ikuspegi berriak eskaintzen dituzten pertsonez inguratzeak duen balioari buruz ere hausnartu zen. Bi hizlariek azpimarratu zuten talde lana, konfiantza eta laguntza sareak funtsezkoak direla enpresa munduko erronkei aurre egiteko.

Bizi berriro EmakumeEkin jardunaldiko une onenak

Jardunaldira etorri ezin izan bazinen edo une nabarmenenak berriro gogoratu nahi badituzu, hemen duzu ekitaldiaren bideo laburpena.

EmakumeEkin bezalako ekimenen bidez, Ekingunek ezagutza partekatzeko, harreman berriak sortzeko eta hainbat esparrutatik gure inguruko garapen ekonomiko eta enpresarialean ekarpena egiten duten emakumeen lana ikusarazteko konpromisoa berresten du.