#WOMENEKIN2020 KRONIKA
Iragan abenduaren 15ean, WOMENEKIN ekitaldiaren hirugarren edizioa antolatu genuen Ekingunetik (Eibarko Udalaren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Armeria Eskolaren laguntzarekin). Urtean behin egiten dugun ekitaldi honen helburua emakumeen ekintzailetzari lagundu eta hari ikusgaitasuna ematea da.
Aurten, 3 emakume ekintzaileren bizipenak entzun genituen, hiru sektore oso desberdinetakoak hirurak: Amaiur Mayo (Errugbilaria), Natividad Garcia (sektore teknologiko eta industrialeko profesionala) eta Marta Prol (dantzaren munduko profesionala). Lorea Arakistainek zuzendu zuen hitzaldia, eta hizlarien artean, eta haien eta entzuleen artean (linean zein tokian zeudenak) eztabaida irekia sortzea erraztu zuen.
Izan ere, aurtengo WOMENEKIN edizioak modalitate presentziala (aforo mugatua eta higiene, distantzia eta osasun neurri guztiak hartuta) eta streaming bidezkoa izan ditu, azken hau Ikusten Servicios Audiovisualesen eskutik. Txataren bitartez, hainbat pertsonak etxeko mahaitik egin dituzte euren galderak.
Emakumeen ekintzailetzaren eta zuzenean emakumeengan eragina duten hainbat gai jorratu ziren: ekiteko hezkuntza, zergatik ekiten duten emakumeek gizonezkoek baino gutxiago, feminizatutako sektoreak eta maskulinizatuak, amatasuna, lana eta arlo pertsonala bateratzea, egun ditugun erreferenteak zein diren, emakume ekintzailearen ikusgaitasuna, pandemiak emakume ekintzaileengan izan duen eragina…
Inolako zalantzarik gabe, ekitaldia beharrezkoa eta oso aberasgarria da, gure barruan begiratu, emakumeen ekintzailetza bultzatzeko bide berriak bilatu, elkarri lagundu eta Ekingunetik, emakume ausarten, argien, bizien eta ekintzaileen topagune izateko azken xedea duen ekitaldia antolatzen laguntzen baitigu.
Eskerrik asko hor egon izanagatik, datorren urtean ikusiko dugu elkar, espero dugu aurrez aurre izatea.
Ezin izan bazinen #WOMENEKIN2020 ekitaldira etorri, hemen ikus dezakezu ekitaldiaren bideo osoa: