Leire Berasaluze elkarrizketa: “Sare Translations”

Leire Berasaluze elkarrizketa: “Sare Translations”

Kaixo, Leire zurekin hasiko da, Sare Translations-ekin, hilero Ekinguneko bazkide bati egingo diogun elkarrizketa-txanda honetan.

Badakigu Leire Berasaluze Ekinguneko zuzendaria dela, baina…

 

Nor da Leire?

Duela 46 urte langileen familia batean jaio zen eibartarra naiz. Bi semeren ama, eguneroko gauzez gozatzen duen pertsona.

Oso gustuko ditut bidaiatzea eta irakurtzea -hau ere bidaiatzeko beste modu bat da-, idaztea, argazkigintza, dantza eta zinemagintza independentea eta europarra.

Ezagutzen nautenek jakin badakite etengabe ari naizela ikasten, ezin naiz egonean egon. 😊 Indarrak eta energia gehitzen duen jendea dut gogoko, oso independentea naiz eta etengabe jarraitzen dut lanean nire helburuak lortu arte, “inurritxo” bat naiz.

 

Nola sortu zen Sare Translations-eren negozio-ideia?

Ba, egia esan, kasualitatez izan zen. Nik Biologia ikasi nuen, bitartean hizkuntzak ikasten jarraitu banuen ere. Karrera bukatu ondoren, ikerketa zentro batean ari nintzela, departamentuko lankide batek itzultzaile batekin jarri ninduen harremanetan. Zuzentzaile bat behar zuten zientziako testu liburuak zuzentzeko.

Zuzentzen hasi, itzultzen jarraitu eta hor jarraitzen dut. 56 bat On Kixote daramatzat itzulita…

 

Zerk bultzatu zintuen ekitera?

Garai hartan, besteen kontura lan egiteko aukera izan nuen, baina momentuko beste arrazoi batzuengatik, nire kontura hasi nintzen lanean.

Denborarekin – norbere buruarentzako lan egitearen ezaugarriak ezagutu nituenean-, konturatu nintzen besteentzat 8 ordu lan egin eta etxera egiteko ez nintzela jaio. Gehiago behar dut. Gustura nengoen horrela.

Aurrerago, izan ditut lana aldatzeko aukerak (izan ere, duela 8 bat urte klaseak eman nituen ikastetxe batean), baina ez dut enpresa inoiz baztertu.

Ekintzaile izateak eta niretzat lan egiteak askatasuna ematen dit, eta hori niretzat funtsezkoa da. Askatasuna dut nire burua egokitzen joan eta nire ideia batzuk gauzatzen joateko.

 

Nolakoak izan ziren zure hastapenak zure egungo negozioan?

Etxetik hasi nintzen lanean. 2002az ari gara. Nire lanak, egia esan, ez du azpiegitura handiegirik behar. Hala ere, hasieran, Internetera telefonotik konektatu behar izaten nuen. Buff, erabat aldatu da dena.

Bizkor ikasten dudala uste dut. “Trasteatuz” ikasi nuen Interneten ibiltzen, ez nuen inolako arazorik atzerriko jendearekin harremanetan jartzeko eta, online hasi nintzen bezeroak bilatzen. Zientzian espezializatutako itzulpenak eskaintzen nizkien Interneten zeuden agentziei. Euren jarduteko modua, metodoak eta programak ikasi nituen, ikasten jarraitu nuen eta, bezero gutxi batzuentzat lan egin ondoren, curriculuma betetzen joan zitzaidan. Hortik aurrera, errazagoa izan zen dena. Egoera horiei etengabe egokitu naiz, eta hala jarraitzen dut.

Duela urte gutxi batzuk, beste hizkuntza batzuetara itzultzen zuten hainbat itzultzailerekin kolaboratzeko aukera ikusi genuen eta, eskaera guztiari aurre egiteko, bulegoa ireki genuen eta hor jarraitzen dugu.

Egun, beste zerbitzu berri bat jarri dugu abian, copywriting eta storytelling, edo idazmen digitala, askok eskatzen baitziguten aspalditik. Etengabe ari gara ekiten.

 

Ekintzaile gisa, zein dira aurre egin behar izan diezun zailtasun nagusiak?

Lehenengo bezeroa lortzea. Ezagutzen zaituztenean, dena da zailagoa. Zutaz hitz egiten dutenean, errazagoa da, ahoz ahokoa oso ona da.

Krisialdiak ere (orokorrak edo profesionalak) zailak dira. Baina bizitzak berak ere ditu gorabeherak, ezta? Astindu txiki bat behar dugu erreakzionatu beharra sentitzeko. Krisialdiak kudeatzen ikasi behar dugu.

 

Zerk betetzen zaitu gehien ekintzaile gisa?

Niri gehien betetzen nauena orain arte lortu dudana ikustea da. Gurasoen logela batean, bigarren eskuko ordenagailu batekin, telefonora kable luze batekin konektatzen… pentsa. Orain, aldiz, hiru lankide gara bulegoan, eta etengabe ari gara hobetzen.

Lankide jatorrekin lan egitea ere zoragarria da eta jendeari haiei egokitutako soluzioak ematea eta haiek zure lanarekin pozik daudela ikustea ikaragarria da.

Zure testuren bat telebistan ikusten duzunean edo kartelen batean, edo irratian entzuten duzunean ere ez dago batere gaizki 😉.

Gainera, askoz ere dibertigarriagoa da. Ekintzaile gisa, eboluzionatzen jarraitu dut eta jarraituko dut, eta horrek asko erakartzen nau.

 

Zein 3 gomendio emango zenizkien hasten ari diren ekintzaileei?

Hiru baino gehiago emango nizkien, baina laburbilduz:

  1. Disfrutatu, pasioa jarri. Bizitza lau egun dira. Gozatu bideaz.
  2. Jarraitu ikasten eta hobetzen. Egun goibeletan, eutsi goiari. Akatsak egingo dituzu, haietatik ikasi. Ez itzazu laneko akatsak arlo pertsonalean sartu.
  3. Zure lana, ekintzaile izatea zer den ulertzen duten jendea eduki inguruan. Ez zaude bakarrik. Parte hartu networking-etan, webinarioetan, elkartu…