Ekingunen 2020ean, hazten jarraituko dugu

Urteko bilkurarekin eman diogu hasiera 2020ari. Ekinguneko bazkideek urteko ibilbidea zein izango den eztabaidatu dugu, abenduko Gabonekinen (urteko gure Gabonetako ekintza) landu genituen ideietan eta ondorioetan oinarrituta.

Bat etorri ginen sendoago garela, horren adierazle baitira hurrengoak: Ekingunen gero eta kide gehiago gara, ikusgarritasun handiagoa lortu dugu, gero eta profil anitzagoak ditugu, eta gure artean eta elkartera iritsi berri diren ekintzaileei gehiago emateko gai gara egun. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu hazteko joera horri eutsi eta Ekingunen kide berriak barneratzea (gaur egun 36 gara).

“Bazkide kolaboratzaile” gehiago lortzearen garrantziaz ere aritu gara, hau da, ekintzailetza eta berrikuntza baloratzen duten eta Ekingunek antolatzen dituen askotariko ekintzei laguntza edo babesa eman nahi duten entitate publiko gehiago lortzeaz.

2020an zehar, hainbat prestakuntza eta ekitaldi antolatzea aurreikusi dugu, besteak beste: Womenekin (emakume ekintzaileei balioa eman eta haien esperientziak aztertzea xede duen ekitaldia), Marketing Day (marketin digitalaren eta teknologia berrien inguruan jakintza eguneratzeko ekitaldia), Aurreraekin (ekintzaileei laguntzeko zerbitzua, coaching tekniketan oinarritua, proiektuaren arrakasta zein arrakasta pertsonala lortzera zuzendutako estrategia planifikatzera bideratua), Mentorekin (Ekinguneko kideen artean hainbat sektoretan adituak identifikatzea, jakintza ugariko erkidegoa eratzeko) eta, jakina, On Ekin (urteko gure ekintza nagusia, non negozio-ideien lehiaketa egiten den, ekintzailetza sustatzeko eta bultzatzeko xedearekin).

2020ra begira izango dugun beste helburuetako bat elkarte barruko ekitaldiak sustatzea da, taldea eta pertenentzia sentimendua sendotu eta lan sareak eta kontaktuen sareak sortze aldera. Energiaz eta ilusioz beteta ekin diogu 2020ari, eta besoak irekita hartuko ditugu ezagutu nahi gaituzten, elkartearen kide egin nahi diren edo Ekingunek antolatutako ekimenen batean parte hartu nahi duten guztiak.