Kronika: #MARKETINGDAY

Iragan irailaren 30ean, #MarketingDay jardunaldiaren III. edizioa antolatu genuen Ekingunek Eibarko Ipuruako instalazioetan. Urtero egiten den ekitaldi bat da eta bertan, ETEei, autonomoei, start up-ei eta pertsona ekintzaileei orientatutako Marketina zuzentzen duten joera berrien inguruan balioa eman eta egunean jarri nahi dugu.

Aurtengo ekitaldia mistoa izan da: aurrez aurrekoa eta online, streaming bidez. Izan ere, pandemiak aforoa asko mugatu du eta, era honetan, parte hartu nahi izan duten Interneteko erabiltzaileei edukia ireki ahal izan diegu eta Ekingune eta Marketin Digitala gehiago ezagutarazi ditugu.

 

 

Lehenengo hitzaldia CeConBe-ko Lucas Aísarena izan zen, ekitaldia ireki zuen eta online egindako marketinak dituen mitoen inguruan jardun zen. Enpresok Interneten egiten ditugun eguneroko ekintzen ikuspegi oso praktiko bat eman zigun baliabideak optimizatu eta helburuak zehazteko. Hausnarketa beharrezkoa eta suspergarria da; zalantzarik gabe, komenigarria. Lucas Aísaren arabera, honako hauek dira gaur egun Marketin Digitalaren inguruan dauden 10 mito handiak:

 

1. “Nartzisoren mitoa”. Mundu guztiaren gustuko izatea akats bat da (algara artean, “ez gara kroketak” adierazi zuen).Ezinbestekoa da gure xede-publikoa zehaztea eta soilik haiei zuzendutako edukia egitea eta baliabideak eskaintzea..
2. “Zertarako ez zehaztea”. Funtsezkoa da online ekintzak egitean gure helburuak argi izatea eta hori izan behar da gure ibilbide-orria..
3. “Aztertu nork egiten duen ondo, eta egin berdina”. Kopiatzen badugu, masaren elementu bat bilakatzen gara. Marka batentzat, garrantzitsua da bere izaera izatea..
4. “Hau 5 minututan garbituta daukat”. Arlo digitalean komunikazioa izateko, dedikazioa eta denbora eskaini behar zaio.
5. “Coca-Cola gaindituko dugu”. Itxaropenak oso errealistak ez direnean, ezarriko ditugun helburuak ere halakoxeak izango dira.
6. “Jendea gu ikusteko irrikaz dago”. Honek marka oso ezagunekin eta jada finkatuekin soilik funtzionatzen du. Garrantzitsua da marka gisa dugun izen ona zaintzea, entzutea baino askoz gehiago. Enpresa bezala arazoak baditugu, teknologiak ez ditu konponduko. Etxea oinarritik hasi behar da eraikitzen..
7. “Hau horrela egiten da, hobeto etortzen baitzait niri”. Garrantzitsua da zein testuingurutan gauden ezagutzea eta horra egokitzea.
8. “Like-ez josiko gaituzte”. Garrantzitsua da kalitatezko edukia sortzea, algoritmoak kontuan izatea eta interakzioak bilatzea ikusgaitasuna eta irismen organikoak irabazteko.
9. “Nire liburuaz hitz egitera etorri naiz”. Bezeroa izan behar da protagonista. Etsai komuna ebazten den arazoa izan behar da. Ikusgaitasun gehiago erabiltzaileari eta gutxiago markari.
10. “Lau blog irakurrita egunean jarriko naiz.” Ez da sinetsi behar irakurtzen eta ikusten den guztia. Emozio gehiago eta biralizazio gutxiago, gure kontsignak izan beharko lirateke.

 

Lucas Aísak beste gai batzuen inguruan hausnartzera ere gonbidatu gintuen: “Zarataz betetako mundu batean bizi gara, beraz, garrantzitsua da nabarmentzea eta jendeak zu gogoratzea; era horretan soilik lortuko dugu gomendio bat eta hori izango da komunikazioaren azken maila.” “Zure marka erabiltzaileek zu aurrean ez zaudenean zutaz diotena da.” “Gure eginkizuna da ingurune digitala eta modu eraginkorrean komunikatzeko dauden kanal ezberdinak ezagutzea”. “Hartzaileak igorlea Baliozkotzen duenean, konfiantza ezartzen da eta komunikazioaren eta erosketa-erabakiaren prozesua osatzen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua da gure hatz-marka digitala zaintzea, zeina branding-aren parte izan behar den.”

Hitzaldi interesgarri eta dinamiko honen ondoren, mahai-inguru bat egon zen eta bertan, Aísaz gain, Debabarrenako enpresetako hainbat ordezkarik parte hartu zuten eta euren erakundeen digitalizazioan izan dituzten esperientziak partekatu zituzten:

Iñigo Usobiaga (Grulla Armas)
Charlene Lidyard (El Casco)
Ana Carolina Lodeiro (Somabe)
Unai Artetxe (S.D.Eibar)

 


Iñigo Usobiagak azaldu zuen, luxuzko produktu bat saltzea, “bezeroak ukitzeko aukerarik izan gabe”, eurentzat oso zaila dela, izan ere, euren produktuen salmentak esperientzia turistiko orokorrago bat osatzen du eta orain geratuta dago pandemiaren ondorioz. Digitalizazioa aukera bat izan daiteke, baina kasu horretan, ezin ditu ohiko salmenta-kanalak ordezkatu.

Bestalde, Ana Carolina Lodeirok adierazi zuen, gaur egun, estrategiak birpentsatzeko prozesu batean daudela, betiere, eremu digitalaren baitan. Gainera, Somaben makinen probak bideokonferentzia bidez egiten ari direla eta bezeroak era positiboan onartzen ari direla azaldu zuen.

El Cascoren kasuan, Charlene Lidyardek kontatu zigun eurentzat garrantzitsuena kalitatezko produktu bat saltzea dela, denboran iraungo duena eta jasangarria dena. Bezero leialak izanik, gaur egun, haiengana iristeko modu berriak eskaintzen ari dira, esaterako, web orrian euren produktua 3Dn ikusteko aukera.

Unai Artetxerentzat, une honetan SD Eibarrentzako gakoa elkarteko bazkideekiko harremanari eustea da, beste era bateko edukiak eskainiz, izan ere, futbol partiduetan ikuslerik egon ezin denez, lotura emozional horren zati handi bat galtzen da.

Ekitaldiaren edizio honetan, guztira, 60 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten eta oso interesgarria eta aberasgarria izan zen guztiekin euren ikuspegiak, ikasketak eta erronkak partekatzea. Ekinguneko kideek bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu testuinguru ezohiko honetan gurekin partekatu nahi izateagatik eta datorren urtean berriz elkar ikustea espero dugu. Eskerrik asko!

Etorri ezinik geratu bazinen edo berriz ikusi nahi baduzu, jarraian uzten dugu ekitaldiaren bideoa: