Tailer “pilotua”: “Emprende tu camino al éxito”

Gaur goizean, Ekinguneko kideek elkartetik bultzatu nahi dugun tailer “pilotu” batean hartu dugu parte. Ekinguneko kide berriei, interesa duten pertsona guztiei eta erakunde publiko zein pribatuei tailer hau eskaintzeko asmoa dugu.

Talde-lan askoko jardunaldia izan da. Bertan, modu praktikoan aztertu ditugu negozio bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak, eta baita bakoitzak jarraitzen dituen lan metodoak ere. Parte hartzaile guztiei, taldeko dinamiken bidez eta kreatibitatea baliatuz, guk geuk sarri hautematen ez ditugun ikuspuntuez jabetzea da tailerraren azken helburua.

Harrera eta orientazioko hasierako fasea izan dugu abiapuntu. Jarraian, sendotu beharreko puntu komunak identifikatzen aritu gara, hau da, egunez egun ekintzaile orok gainditu behar ditugun ahulguneak edo oztopoak zein diren hausnartzen. Gero, ametsen fasean sartu gara, “utopian”. Inor epaitu gabe, gure lana egiteko “mundu ideal” hori bistaratzen aritu gara, mugarik gabe. Taldeka, irudikapeneko negozio-ideia bat landu dugu, eta bigarren fasean identifikatutako arazoei irtenbideak eman dizkiegu.

Bukatzeko, “hankak lurrean jarri ditugu” eta inplementazioko fasean sartu gara. Hau da, printzipioz utopikoak diren irtenbide horiek denboran zehaztutako ekintzen bitartez nola gauza daitezkeen eta haiek nola egia bihurtu planteatu dugu.

Inplementazioko fasearekin bukatu dugu tailerra. Hartan, gure azterketen eta hausnarketen ondorioak atera ditugu, haiek gure negozioei eta lan metodologiei aplikatu ahal izateko xedearekin. Beste ekintzaile batzuen feedback-a jasotzeko prest egotea eta tailerrak planteatzen dituen egoera desberdinetan gure burua aztertzea oso aberasgarria izan da. Hori guztia aparteko bi “gidariren” eskutik jaso dugu: Batetik, Krystsina Mirchuk (GEIST-en sortzailea eta jakintzaren kudeaketan eta talentua barneratze, kudeatze eta garatzean aditua, operazio mailan zein maila betearazlean) eta, bestetik, Ruben Sierra (Supera Coaching-en Zuzendari Exekutiboa eta ekintzaileentzako coaching-ean aditua).

Jardunaldian parte hartu dugun guztiak bat gatoz oso dinamikoa, bizia eta positiboa izan dela esatean, eta guztiek atera dugu norbere negozioaren zein buruaren inguruko ondorioren bat ala beste. Beraz, interesa duten ekintzaile gehiagok tailerrean parte hartzearen alde egingo dugu Ekingunetik, pertsona eta enpresari gisa euren burua aberasten laguntzeko.