Womenekin, emakumeen ekintzailetza bultzatzeko ekitaldia

Datorren martxoaren 17ean, Ekingunetik, Eibarko Udalaren eta Armagintza Museoaren laguntzarekin, eta Somos Asesores-en babesarekin, martxoaren 8arekin lotutako ekitaldi ireki bat antolatu dugu. Jorratuko den gaia emakumeen ahalduntzea ekintzailetzan izango da. Armagintza Museoan egin nahi izan dugu ekitaldia, jatorriz industriala zelako eraikina eta eibartarron izaera ekintzailearen adibide ugari batzen direlako bertan.

Lau emakume gonbidatu ditugu hizlari moduan, euren bizipenak kontatuko dizkigute ekintzailetza inguruan hainbat arlotan (artea, kirola, enpresa, zerbitzu sozialak…) eta zein oztopo izan dituzten, euren arrakasta kasuak, etorkizunerako ikuspegia eta abar partekatuko dute denekin.

Moderatzaileak, Lorea Arakistain, mahai-ingururako gonbidatuei galdera zuzenduak egingo dizkie eta eztabaida irekiko du haien bitartez. Bertara hurbilduko diren guztiek egin ahal izango dizkiete galderak eta euren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute.

Eztabaidaren ondoren, bertara etorritako denei mokadutxo batzuk eskainiko zaizkie. Aukera aparta izango da elkar ezagutzeko, gonbidatuei galderak zuzenean egiteko, lan-harremanak sortzeko, Ekingunetik bultzatzen ditugun ekimenak ezagutzeko, eta une atsegina igarotzeko.

Womenekin-en edizio berri honetan itxaroten zaituztegu, bertan argi utziko dugu ez dagoela ezer emakumeek egin ezin dutena! Jakina, besteon sostenguarekin, are gehiago egitea lortu ahal izango dute/dugu.